Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta munduan zehar barreiatutako Euskal Diaspora bizirik zen herrietan. Hego Euskal Herrian ez izan zen horrelakorik egin, diktadurapeko errepresio egoera zela eta.
Urteek aurrera egin ahala Uruguaiko diasporako euskaldunen eskutik etorri zen egun hau berreskuratu eta instituzionalizatzeko eskaria, 1995.urtean hain zuzen ere. Eta ordutik, urtero – urtero Euskararen Eguna ospatzen dugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko euskaldunok.
Euskararen historia, hain da luzea, bere lehen pausoak noizkoak izan ziren argitzeko, ez dakigu zenbat urte atzera egin behar dugun ere. Batzuen ustez lehen europarren hizkuntza izan zen, batek daki…
Ezagutzen dugun historiak, hala ere, gauza batzuk argi erakutsi dizkigu: Euskarak apurka-apurka, baina etengabe, antzinako hedadura asko murriztu du gaur egunera arte. Gure hizkuntzak auzokide, bizilagun eta bidaide asko izan ditu ibilbide honetan guztian zehar, askotan kultura boteretsuei zegozkienak. Baina, hala ere, inguruko kultura eta hizkuntza boteretsuek ez dute asimilatu, ez da hil. Euskarak iraun egin du.
Biziraupenezko historia honetan, ez du hizkuntza guztiek merezi duten balioespen, errespetu eta laguntzarik jaso. Izan ere, hizkuntzak eta kultura guztiak berdinak dira duintasunean. Guztiek behar dute berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko.
Duintasun eta berdintasun borroka honetan , azken urteetan zenbait instituziotatik, baina batez ere, herrigintzatik egin den lana izugarria izan da euskararen normalizazioa bultzatzeko. Baina oraindik orain, euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan, arlo askotan traba eta babes falta handiarekin topo egiten du eta bere aldeko politika garatzen duten instituzio batzuek ez dute behar besteko ausardiaz jokatzen.
Unescoren azken txostenaren arabera, euskarak galtze arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du. Honek, ezinbestean zera adierazten du: oraindik hainbat esparrutan lan handia dugula egiteko.
Ezagutzen dugun euskarazko libururik zaharrenean, 1545ean, “euskara, jalgi hadi plazara” leloa aldarrikatzeko beharra ikusi zuen Bernard Etxepare baxe-nafartarrak.
Tamalez, lelo horrek ez du egunerokotasunik galdu ia 500 urte geroago. Beraz, euskalgintzak egindako ahalegina onartuta ere, pauso gehiago eman behar dira euskararen erabateko normalizazioa lortu arte.
Zallan, urtez urte, euskararen ezagutza hazten ari den bitartean, erabileran ez da aurrerapauso nabarmenik antzematen. Aurrerapauso hauek gauzatzeko behar beharrezkoa dira baliabideak eta instituzioen laguntza eta hauspoa.
Hala ere, jauzi kualitatibo bat eman beharra daukagu herritarrok: “Euskararen alde nago”tik “EUSKARAZ BIZI NAHI DUT”era pasa behar dugu.
Izan ere, euskarak mendeetan zehar iraun badu, euskaldunok, Euskal Herritarrok, garrantzitsua zela uste izan dugulako iraun du.Era beran, gure hizkuntza garrantzitsua dela uste badugu, Zallan euskara berreskuratu egingo dugu.
Gure herrian, %20a euskaldunak gara eta ia-euskaldunak %22 inguru. Honek esan nahi du, herri gogoa indartzen badugu eta gutako bakoitzak euskararen aldeko konpromisoa hartuz jauzi kualitatibo hori ematen badugu, bestelako errealitatea eraiki dezakegula.
Beraz, animo eta segi aurrera (euskaraz).
No hay comentarios:
Publicar un comentario