2014/05/20

ENKARTERRIKO FAMILIEK BEHAR BAINO GEHIAGO ORDAINTZEN DUTE ZABORRENGATIK



Enkarterrietako Mankomunitatea PNVk kudeatu du azken ia 30 urteetan, eta urteak daramatza iruzur gisa har dezakeguna burutzen: mankomunatutako udalerrietako biztanleok urteak daramatzagu dagokiguna baino gehiago ordaintzen zaborren tasetan.

Legeak argi eta garbi dio zerbitzu bat eskaintzearren ezartzen den tasak ezin duela zerbitzu horren benetako kostua gainditu.
Bada, 2012. urtean bakarrik (urte horretako likidazioa da daukagun azkena), Mankomunitateak alde batetik eta Gueñes eta Gordexolako udalek bestetik, zaborren bilketak eta kudeaketak duen kostua baino 200.000 euro gehiago jaso zituzten. Horrek esan nahi du Enkarterrietako familiek ordaintzen ditugun ordainagiriak %15 inguruan daudela “puztuta”. 2013an ere antzerakoa gertatuko zen ziurrenik, oraindik ere alde handiagoaz kontuan hartzen badugu zabor bilketa eta kudeaketagatiko tasa %3,4 igo zela.
2012ko likidazioa aztertzerakoan superabit horren existentzia hau azaleratu zenean, Mankomunitateko kide garen EH Bilduko ordezkariok, oposizioko beste zenbait talderekin batera (Zalla Bai eta Karrantza Zabala) 2006 urtetik aurrerako kontuak aztertzen jarri ginen, eta hara non deskubritu genuen Mankomunitateak berak alde batetik eta Gueñeseko eta Gordexolako udalek beste alde batetik (zaborren tasen kudeaketa era ezberdinean burutzen dute), biek ala biek superabita izan dutela zaborren tasei esker 2006. urtetik!
Gueñeseko, Gordexolako zein Mankomunitateko EAJ-PNVko ordezkariek superabit horren berri eman izan balute, Enkarterriko bizilagunok 2006tik zaborrengatik ordaintzen dugun faktura baino askoz gutxiago ordainduko genuke. Aldiz, datuak zein fakturak eguneratu eta zuzendu beharrean, beste gastu batzuk osatzeko erabiltzen aritu dira, izatez legez kontrakoa denean. Urrutira joan gabe, Gueñeseko alkateak berak udal osoko bilkura batean aitortu zuen diru hori udal igerilekuetako gastuetarako erabili izan zuela. Enkarterriko bizilagunok, mankomunitateko kide diren herri guztietako herritarrok Gueñes udalerriko igerilekuen ordainketan, besteak beste, jakin gabe "lagundu" dugu. 

Bide horretan, eta gauzak argitzeko, gauza bat da Mankomunitateek oinarri duten elkartasun printzipioa (besteak beste, hedadura handiko udalerri txikiek hondakinen bilketa zein kudeaketari begirako gastuei aurre egiteko aukera izan dezaten), eta beste kontu bat da kasu honetan EAJko karguek baliatu duten lukurreria eta iruzurra. Zaborrengatiko tasetatik jasotako dirua beste afera batzuetarako baliatzea legearen kontrakoa da; eta horretaz baliatzea eta ezer ere ez aipatzea ez da zilegi. Eta kasu hau, PNVk gure eskualdean, Enkarterrin, darabilen jauntxoen moduko gobernatzeko eraren beste adibide bat besterik ez da. 
Beraz, PNVk aspaldidanik antolatutako iruzur bati buruz hitz egin dezakegu, eta iruzur horren ondorioz Enkarterriko mankomunitatearen parte diren udalerri guztietako biztanleok zegokiguna baino askoz gehiago ordaindu dugu zaborrengatik urteetan eta urteetan zehar. EH Bilduk 2 urte baino gehiago daramatza (ia-ia Mankomunitatean sartu ginenetik) tasa hori nola kalkulatu duten adierazteko exijitzen, eta gaur arte.

EH Bilduren planteamendua

Enkarterriko EH Bildutik, oposizioko beste zenbait talderekin batera, Enkarterriko Mankomunitatearen Ezohiko Bilkura deitzea eskatu dugu, eta ezohiko bilera horretan hurrengoa eskatzen dugu:

  1. Zaborren tasaren kalkulu “misteriotsu” hori ezagutzera eman, berritu eta  eguneratzea
  2. Zaborren kudeaketarako benetako gastuaren eta Enkarterriko familiei kobratu zaienaren arteko aldea zehaztu eta, diruzaintzan kontzeptu horri dagozkion gaindikinak datozen urteotan udalerriei deskontatu eta, horrela FAMILIOK zaborren bilketa eta kudeaketagatik gutxiago ordaintzea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario