2011/12/27

Aurrekontuak 2012

Biharko bilkuran hurrengo urterako (2012) aurrekontuak bozkatuko dira. Zalla bairen gehiengoari esker aurrera aterako dira. Laister aurrekontu horiek argitaratuko ditugu, gure iritzia azaldu eta gure bozkaren nondik norakoa ere jakingo duzue.

En el pleno de mañana se votaran los presupuestos para el año 2012. Debido a la mayoria absoluta de Zalla bai en el Ayuntamiento dichos presupuestos serán aprobados. En breve publicaremos esos presupuestos, explicaremos nuestra opinion y el por que de nuestro voto.



2011/12/21

Osoko bilkura

Hurrengo Osoko Bilkura abenduaren 28an izango da arratsaldeko 19etan.

El próximo Pleno será el miércoles 28 de diciembre a las 19:00


2011/12/02

ABENDUAREN 3a, EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta munduan zehar barreiatutako Euskal Diaspora bizirik zen herrietan. Hego Euskal Herrian ez izan zen horrelakorik egin, diktadurapeko errepresio egoera zela eta.

Urteek aurrera egin ahala Uruguaiko diasporako euskaldunen eskutik etorri zen egun hau berreskuratu eta instituzionalizatzeko eskaria, 1995.urtean hain zuzen ere. Eta ordutik, urtero – urtero Euskararen Eguna ospatzen dugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko euskaldunok.

Euskararen historia, hain da luzea, bere lehen pausoak noizkoak izan ziren argitzeko, ez dakigu zenbat urte atzera egin behar dugun ere. Batzuen ustez lehen europarren hizkuntza izan zen, batek daki…

Ezagutzen dugun historiak, hala ere, gauza batzuk argi erakutsi dizkigu: Euskarak apurka-apurka, baina etengabe, antzinako hedadura asko murriztu du gaur egunera arte. Gure hizkuntzak auzokide, bizilagun eta bidaide asko izan ditu ibilbide honetan guztian zehar, askotan kultura boteretsuei zegozkienak. Baina, hala ere, inguruko kultura eta hizkuntza boteretsuek ez dute asimilatu, ez da hil. Euskarak iraun egin du.

Biziraupenezko historia honetan, ez du hizkuntza guztiek merezi duten balioespen, errespetu eta laguntzarik jaso. Izan ere, hizkuntzak eta kultura guztiak berdinak dira duintasunean. Guztiek behar dute berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko.

Duintasun eta berdintasun borroka honetan , azken urteetan zenbait instituziotatik, baina batez ere, herrigintzatik egin den lana izugarria izan da euskararen normalizazioa bultzatzeko. Baina oraindik orain, euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan, arlo askotan traba eta babes falta handiarekin topo egiten du eta bere aldeko politika garatzen duten instituzio batzuek ez dute behar besteko ausardiaz jokatzen.

Unescoren azken txostenaren arabera, euskarak galtze arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du. Honek, ezinbestean zera adierazten du: oraindik hainbat esparrutan lan handia dugula egiteko.

Ezagutzen dugun euskarazko libururik zaharrenean, 1545ean, “euskara, jalgi hadi plazara” leloa aldarrikatzeko beharra ikusi zuen Bernard Etxepare baxe-nafartarrak.

Tamalez, lelo horrek ez du egunerokotasunik galdu ia 500 urte geroago. Beraz, euskalgintzak egindako ahalegina onartuta ere, pauso gehiago eman behar dira euskararen erabateko normalizazioa lortu arte.

Zallan, urtez urte, euskararen ezagutza hazten ari den bitartean, erabileran ez da aurrerapauso nabarmenik antzematen. Aurrerapauso hauek gauzatzeko behar beharrezkoa dira baliabideak eta instituzioen laguntza eta hauspoa.

Hala ere, jauzi kualitatibo bat eman beharra daukagu herritarrok: “Euskararen alde nago”tik “EUSKARAZ BIZI NAHI DUT”era pasa behar dugu.

Izan ere, euskarak mendeetan zehar iraun badu, euskaldunok, Euskal Herritarrok, garrantzitsua zela uste izan dugulako iraun du.Era beran, gure hizkuntza garrantzitsua dela uste badugu, Zallan euskara berreskuratu egingo dugu.

Gure herrian, %20a euskaldunak gara eta ia-euskaldunak %22 inguru. Honek esan nahi du, herri gogoa indartzen badugu eta gutako bakoitzak euskararen aldeko konpromisoa hartuz jauzi kualitatibo hori ematen badugu, bestelako errealitatea eraiki dezakegula.

Beraz, animo eta segi aurrera (euskaraz).



2011/09/27

ZALLAKO HIZKUNTZA ESKOLA: GURE IRITZIA

HEOren inguruan udalak hartu dituen erabakien inguruan, honakoa da adierazi nahi duguna.

Sortu den polemikaren inguruan:

Sortutako polemikak ez dio benetako kezka bati erantzuten, eta bai EAJk egungo udal korporazioaren kontra abiatu duen oposizio guda politikoari. Horrenbestez, zilegi deritzogu EAJk bere aurreko legegintzaldian hartutako erabakiak aldatu egin direla kritikatzea edo hartu berri den erabakiaren inguruan kritikak egitea.

Onargarria ez dena zera da: hartu den erabakia kritikatzea, erabakiarekin berarekin zerikusirik ez duten beste gertakari batzuekin lotuz.. Konkretuki, ikasleak onartu barik geratzeaz ari gara. Honen arrazoia ez da inondik ere egungo udalak hartutako erabakiaren ondorio, beste faktore batzuena baizik.. Hori zuzenean HEOko zuzendariarekin kontrasta daitekeen datua da.

Azkenik, salagarria dela deritzogu gai honen inguruan DEIA egunkariak idatzitako artikulua, zenbait datu oker, eta zehaztasun falta argitaratu zirelako.

Udalak hartutako erabakiaren inguruan:

Udalak, momentuz, gai honen inguruan ibilbide-orri bat markatu du. Oraindik arlo asko zehazteke daude eta , gaur gaurkoz, hartu den erabaki irmo bakarra, guk dakigunez behintzat, pasabidea eta igogailuari uko egitea izan da.

Guk parte hartuko dugu ibilbide-orri horretan hartzen diren pausoak erabakitzeko eta gure iritzia emateko, herritarrentzat onak direla uste dugun heinean.

EAJk dioenez, EJko Hezkuntza Sailak 240.00 euro emateko asmoa zuen (% 60a) lan horiek egiteko.

Gure iritzia argia da: ez dugu beharrezko ikusten azpiegitura lan horiek egitea, sortutako leku arazoei bestelako irtenbide bat eman nahi zaielako. Gure ustez, askoz ere proportzionatuagoak, logikoagoak, praktikoagoak eta errentagarriagoak direnak.

2011/09/15

KONTXAKO ESTROPADAK

Gurean, Kontxako estropaden oihartzunak entzuten hasteak, ezinbestean, oporren bukaera eta ikasturte berriaren hasiera iradoki ohi dizkigu.

Itsasertzeko herrietan bizi diren herritarrek, haize bolada bortitzek sorrarazten dituzten haize-olatuei “ardiak” deitzen diete, bistan denez, sortzen duten apar zuria dela eta. Hala erakutsi zidan gure aitona zenak ere.

Gure opor aurreko itsaso politikoak halako “ardiak” izan zituen herri mailan. Euskal Herri mailan opor aurretik eta ostean ere bai, esango nuke nik.

Herriko kontuei dagokienez, alkateordearen liberazioak, talde politikoen ordainsariek, txosnen araudiak, Euskal Herriko gatazka politikoaren irakurketak … sortu zuten, udako egun sargorietan gertatu ohi bezala, beroaldi (dialektiko) zenbaiten osteko galarrena. Prentsan BILDUko bozeramaile naizen honen izena euskara eta hezkuntza zinegotzi bezala ikustea ere ez zen gustuko platera izan, oraindik gehiengoa duen taldearekin akordio-bilera egin gabe geneukanean, besteak beste.

Haizeak, hala ere, ez du beti noranzko berean, indar berarekin … jotzen. Hezkuntza eta Euskara arlorako gutxieneko akordioa adostea posible izan dugu, bi aldeen arteko malgutasunari, baina batez ere helburu eta sentsibilitate parekotasunari esker. Batzordeak ere hasi dira martxa hartzen eta hasiera batean hain arrotz izan zaizkigun espazioak, foroak, terminoak … ohikoago egiten ari zaigu.

Estropada hasierako arraunketa azkarra eta kaotiko samarra izan ohi da, martxa hartu artekoa. Trainerua abaila hartzen hasten denean, aldiz, palada luzatu eta maiztasuna geldotu egiten da.Indarra egin bai, baina lasai arraun eginez, luze-luze. Bestelakoan, kontrako helburua lortzen baita, ontzia tupustean eta astiroago joatea. Beraz, hasiera guztiek dakarten zipriztinak gaindituz, bagoaz. Luze-luze.

Kontxan arraun egin zutenek, berriz, kareletik haratago begiratuz gero, eskubide urraketaren eta desesperazioaren oihua karteletan pintaturik ikusi ahal izan zuten. Oso larri eta gaixorik dagoen preso baten etxeratzea. Espetxe araudiko 104.2 artikulua betetzea, horixe bakarrik, etxekoek bizirik ikus dezaten. Eta bere antzeko egoeran dauden beste hainbat eta hainbat euskal herritar ere etxera hurbil ditzaten eskatuz. Kanpotik zein bide egin behar dugun etengabe ari zaizkigu esaten, gor eta itsu, presoen auzia existituko ez balitz bezala. Eta gure erantzuna: -Egin dezagun bidea-.

Guk, herrian, bestelako poztasuna eta lasaitasuna bizitzeko aukera izan dugu. Gugandik urrun kartzelan, kartzela askotan, ibili den laguna bueltan etorri da etxera. Eta momentu batez amets egin dugu atzetik beste asko etorriko direla, bera bezala, indartsu eta osasuntsu, bidea egiten laguntzeko prest.

Uda osteko haizeek, herriko jaiak ere ekarri ohi dizkigute. Aurten, inoiz baino lehenago. Betiko moduan, jai herrikoi eta parte hartzaileak izango ditugu gure ipar politikoan.

Ferminek “Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” abesten zuen eta ez zitzaion arrazoirik falta. Zenbait adituk diotenez, aldiz, alaitasunak irria eragiten duen bezalaxe, irri egiteak poztasuna sortzen du. Kausa eta ondorioaren sorgin gurpila.

Horrenbestez, badakigu jaiak eta ospakizunak gure izaeraren isla direla, asko esaten dutela gure herri-izaerari buruz, baina era berean, gure izatea eraikitzen, eraldatzen eta balioesten jarraitzeko tresna dira jaiak. Hori dela eta, garrantzitsua da denok parte hartzea ,bakoitza bere konpromiso mailatik, bere sentsibilitatetik … baina garena islatuz, herri-giroa sortuz.

Gure ipar politikoan beste hainbat helburu ere baditugu: euskara eta euskal kulturaren sustapena, kultur aniztasuna eta bizikidetza, sexu aukera berdintasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gazte ikuspegiarekiko errespetua, bizi eta lan baldintza duinen eskaera … eta horiek ere inoiz baino presenteago izan behar ditugu ospakizunetan.

“Itsasoa laino dago, Baionako barraraino …” kantua aski ezaguna bada ere, herritar askok ulertzekoa denez,” itsasoa lainotuta dago” ulertu dugu. Hala ere, ez omen da hori esanahia, hizkuntza fenomeno bat tarteko ,“laino” hori gaztelerazko “llano” hitzaren parekoa baita. “Itsasoa bare dago”, beraz, ulertu beharreko esanahia.

Itsaso lainoa gustatu izan zait beti, bai boga egiteko eta bai patxadan, lasai ederrean gozatzeko ere. Itsaso lainoan askoz hobe nabaritzen dituzu arraun-kideen erritmoa, estropuen orroa , arnas hotsa , norberaren bihotz taupadak …

Hala ere, Euskal Herrian itsaso bortitza dugu, haizerik ohikoena ipar-mendebal hotz eta hezea da. Olatu bortitzeko itsasaldi luzeak bata bestearen atzetik etortzen dira, erasoak etenik ez balu bezala.

Beraz, ardiak bistaratzen direnean eta enbatak harrapatzen gaituenean ere jakin behar dugu aurrera egiten, olatuei beti branka erakutsiz, iparra non dagoen argi baitaukagu. Eta harantz egingo dugu arraunean, itsaso baretan,zein ipar beltzezko denboralean. Urdaibaik Kontxan egin zuen bezalaxe.

2011/09/14

I.Zalla Herri Bira

Datorren urriaren 9 an, igandea, Zalla Herri Bira lasterketaren lehenengo edizioa ospatuko da 6 kilometroko ibilbide batean goizeko 12:00etan. Proba honekin batera umeentazko lasterketa bat egingo da.

Helduentzako lasterketa gazte mailan (16-18 urte) eta maila orokorrean ( 18 urtetik aurrera) ospatuko da. Maila bakoitzeko lehenengo hirurak garaikurra igongo da eta bai lehenengo gizonak bai lehenengo emakumeak urdaiazpiko bat jasoko dute.

Izenematea Zallako FORUM dendan egingo da eta 5 eurokoa izango da. Korrikalari bakoitzak kamiseta bat jasoko du eta hainbat oparien zozketan hartuko du parte.

Umeentzako lasterketan , goizeko 11:00etan, Galarleiz Txiki izenarekin ospatuko da eta hiru mail ezberdinak egongo dira adinaren arabera luzera ezberdinekin.

Txiki A (8 urteraino) 500 m
Txiki B (8-12 urte) 1.000 m
Txiki C (12-16 urte) 1.500 m

Galarleiz Txikiaren izenematea dohan izango da eta korrikalari guztiek oparitxo bat jasoko dute.

Klikatu hemen lasterketaren ibilbidea ikusteko: http://www.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=2033930



KUKUTZAKO PRENTSAURREKOA

Kukutza III gaztetxea huste arrisku larrian dago. Aste honetan, urtero garai hauetan bezala kurtso hasierari irikiera eman diogu. Dantza, zirko, eskuulan, autogestio… tailerrak egunero ematen dira, auzoko haurren gunea martxan da, adineko jendea eskulanak egiteko elkartzen da astean bi aldiz,liburutegia zabalik dago, jantokia zabalik dago. Hitzaldi, kontzertu eta antzerki ugari dago gure agenda kulturalean.

Zer egingo dute? Abisatu gabe agertu eta hemen dagoen jendea, haurrak, adinduak, haurdun dauden emakume eta auzokideak bertatik bortizki bota?

10. instrukzio epaitegiko epaile jaunari Kukutza III gaztetxearen aurkako huste agindua bertan behera uztea eskatzen diogu

Bilboko Udaleko agintariei bi gauza: Utzi gezurrak esateari ¡ Bizkaiko Aldundiaren arabera erikin honek ez ditu 6 milioi balio Azkunak zioen bezala, baizik eta 2 milio.Bigarrenik, egoera berbideratzeko neurriak har ditzala lehen bait lehen. Lurraren berkalifikatzearena alegia.

Eusko Jaularitzari ere, bere esku dauden neurri politikoak berehala aplika ditzala, eta ez dezala kukutza III gaztetxearen auzia sarraski policial batean bilakatu.

Gure aldetik, orain arte esan dugun bezala, gaztetxea modu aktibo, baikor eta eraikitzailean defendatuko dugu, adibidez gure agenda kulturala biderkatuz.Aipatu ditugun aktibitateez gain, gaur bertan, Zea Mays musika taldearen kontzertua izango dugu eta hurrengo egunetan Anje Duhalde eta PIrritx eta Porrotxek gaztetxearen defentsa indartuko dute.

Baina ikus dezakezuenez, erresistentzia ez da soillik agenda kulturalera mugatzen, bidoi hauek, eta baita gaztetxeko txoko guztietan desalojoa ekiditeko prest dagoen jendeak lagunduko digu.Proiekto honek, izugarrizko babes soziala eta zilegitasuna erakutsi du eta kalean izugarrizko erantzuna emango da. Gaztetxea gure indar eta lagun guztiekin defendatuko dugu.

Kukutza beti egon da edonorekin hitz egiteko prest, baita gatazka honi irtenbidea bilatzeko, baina espekulatzaileen interesek egoera honetara bultzatu gaituzte…

EUTSIKO DIOGU

GORA ERREKALDE!!!

KUKUTZATIK EZ DIRA PASAKO!!!!!