2011/09/15

KONTXAKO ESTROPADAK

Gurean, Kontxako estropaden oihartzunak entzuten hasteak, ezinbestean, oporren bukaera eta ikasturte berriaren hasiera iradoki ohi dizkigu.

Itsasertzeko herrietan bizi diren herritarrek, haize bolada bortitzek sorrarazten dituzten haize-olatuei “ardiak” deitzen diete, bistan denez, sortzen duten apar zuria dela eta. Hala erakutsi zidan gure aitona zenak ere.

Gure opor aurreko itsaso politikoak halako “ardiak” izan zituen herri mailan. Euskal Herri mailan opor aurretik eta ostean ere bai, esango nuke nik.

Herriko kontuei dagokienez, alkateordearen liberazioak, talde politikoen ordainsariek, txosnen araudiak, Euskal Herriko gatazka politikoaren irakurketak … sortu zuten, udako egun sargorietan gertatu ohi bezala, beroaldi (dialektiko) zenbaiten osteko galarrena. Prentsan BILDUko bozeramaile naizen honen izena euskara eta hezkuntza zinegotzi bezala ikustea ere ez zen gustuko platera izan, oraindik gehiengoa duen taldearekin akordio-bilera egin gabe geneukanean, besteak beste.

Haizeak, hala ere, ez du beti noranzko berean, indar berarekin … jotzen. Hezkuntza eta Euskara arlorako gutxieneko akordioa adostea posible izan dugu, bi aldeen arteko malgutasunari, baina batez ere helburu eta sentsibilitate parekotasunari esker. Batzordeak ere hasi dira martxa hartzen eta hasiera batean hain arrotz izan zaizkigun espazioak, foroak, terminoak … ohikoago egiten ari zaigu.

Estropada hasierako arraunketa azkarra eta kaotiko samarra izan ohi da, martxa hartu artekoa. Trainerua abaila hartzen hasten denean, aldiz, palada luzatu eta maiztasuna geldotu egiten da.Indarra egin bai, baina lasai arraun eginez, luze-luze. Bestelakoan, kontrako helburua lortzen baita, ontzia tupustean eta astiroago joatea. Beraz, hasiera guztiek dakarten zipriztinak gaindituz, bagoaz. Luze-luze.

Kontxan arraun egin zutenek, berriz, kareletik haratago begiratuz gero, eskubide urraketaren eta desesperazioaren oihua karteletan pintaturik ikusi ahal izan zuten. Oso larri eta gaixorik dagoen preso baten etxeratzea. Espetxe araudiko 104.2 artikulua betetzea, horixe bakarrik, etxekoek bizirik ikus dezaten. Eta bere antzeko egoeran dauden beste hainbat eta hainbat euskal herritar ere etxera hurbil ditzaten eskatuz. Kanpotik zein bide egin behar dugun etengabe ari zaizkigu esaten, gor eta itsu, presoen auzia existituko ez balitz bezala. Eta gure erantzuna: -Egin dezagun bidea-.

Guk, herrian, bestelako poztasuna eta lasaitasuna bizitzeko aukera izan dugu. Gugandik urrun kartzelan, kartzela askotan, ibili den laguna bueltan etorri da etxera. Eta momentu batez amets egin dugu atzetik beste asko etorriko direla, bera bezala, indartsu eta osasuntsu, bidea egiten laguntzeko prest.

Uda osteko haizeek, herriko jaiak ere ekarri ohi dizkigute. Aurten, inoiz baino lehenago. Betiko moduan, jai herrikoi eta parte hartzaileak izango ditugu gure ipar politikoan.

Ferminek “Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” abesten zuen eta ez zitzaion arrazoirik falta. Zenbait adituk diotenez, aldiz, alaitasunak irria eragiten duen bezalaxe, irri egiteak poztasuna sortzen du. Kausa eta ondorioaren sorgin gurpila.

Horrenbestez, badakigu jaiak eta ospakizunak gure izaeraren isla direla, asko esaten dutela gure herri-izaerari buruz, baina era berean, gure izatea eraikitzen, eraldatzen eta balioesten jarraitzeko tresna dira jaiak. Hori dela eta, garrantzitsua da denok parte hartzea ,bakoitza bere konpromiso mailatik, bere sentsibilitatetik … baina garena islatuz, herri-giroa sortuz.

Gure ipar politikoan beste hainbat helburu ere baditugu: euskara eta euskal kulturaren sustapena, kultur aniztasuna eta bizikidetza, sexu aukera berdintasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gazte ikuspegiarekiko errespetua, bizi eta lan baldintza duinen eskaera … eta horiek ere inoiz baino presenteago izan behar ditugu ospakizunetan.

“Itsasoa laino dago, Baionako barraraino …” kantua aski ezaguna bada ere, herritar askok ulertzekoa denez,” itsasoa lainotuta dago” ulertu dugu. Hala ere, ez omen da hori esanahia, hizkuntza fenomeno bat tarteko ,“laino” hori gaztelerazko “llano” hitzaren parekoa baita. “Itsasoa bare dago”, beraz, ulertu beharreko esanahia.

Itsaso lainoa gustatu izan zait beti, bai boga egiteko eta bai patxadan, lasai ederrean gozatzeko ere. Itsaso lainoan askoz hobe nabaritzen dituzu arraun-kideen erritmoa, estropuen orroa , arnas hotsa , norberaren bihotz taupadak …

Hala ere, Euskal Herrian itsaso bortitza dugu, haizerik ohikoena ipar-mendebal hotz eta hezea da. Olatu bortitzeko itsasaldi luzeak bata bestearen atzetik etortzen dira, erasoak etenik ez balu bezala.

Beraz, ardiak bistaratzen direnean eta enbatak harrapatzen gaituenean ere jakin behar dugu aurrera egiten, olatuei beti branka erakutsiz, iparra non dagoen argi baitaukagu. Eta harantz egingo dugu arraunean, itsaso baretan,zein ipar beltzezko denboralean. Urdaibaik Kontxan egin zuen bezalaxe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario