2012/03/23

Aldaketaren bidean?


Martxoaren 7ko Osoko Bilkuran BILDUK plazaratutako hiru mozio tratatu ziren. Lehenengoa Mariano Raxoik eginiko Sektore publiko erreformaren ingurukoa, bigarrena Garoñako zentralaren itxiera eskatzen zuena eta azkena, urgentziaz aurkezturikoa, IBERDROLAren telefono zerbitzua daraman KONECTA BTOn (Gueñesen) gertatutako kaleratzeak eta leku-aldaketak salatzeko.

Hirurak aurrera atera ziren, gorabeherekin, baina baiezkoa jaso zuten Udaleko Osoko BIlkuran.

EAJ urduri ikusi genuen, mozio alternatiboak aurkeztuz protagonismo politikoaren lehian. Sektore publikoaren erreforma Lan Erreformarekin nahastu zuten eta nahasteaz ohartu ostean, urgentziaz sartzen saiatu ziren urgentziarik ez zegoenean.

Lehen mozioan Gobernu espainiarreko lehendakariak hartutako neurriak (enplegu publikoaren eskaintza etetea eta funtzio publikoaren berrezartzea debekatzea) gaitzetsi ziren. Ongizate gizartea eta zerbitzu publikoen defentsa mantentzea eskatu zen. Azkenik, Euskal Herriko gizarteari dei egin zitzaion mobilizatu eta zerbitzu publikoen aldeko jarrera har zezan. Neurri guztiak onartu ziren, nahiz eta Zalla Baik Madriletik datorrena onartuko zuela aipatu.

Garoñako zentralaren inguruko mozioari dagokionez, aurrera atera zen aho batez, nahiz eta EAJ emendakin batzuekin agertu, mozio alternatibo gisa aurkeztuta eta dezenteko nahasmena sortuz.

Mozio honen onarpenarekin Zallako Udalak konpromiso batzuk hartu zituen, besteak beste: zentralaren itxiera eskatzea, helburu honekin bat egiten duten ekimenen alde egitea, energia nuklearrak ekar ditzakeen kalteen zabalkunde lana egitea, energia kontsumoaren aurreztea eta energia iturri berriztagarriak lehenestea eta akordio honen berri ematea espainiar gobernuari, industria ministerioari eta Iberdrolari, azken hau baita zentralaren %50aren jabea.

Konectaren mozioa ere aurrera atera zen, nahiz eta EAj eta PSOE abstenitu. Azken hauek mozioko puntu batekin ez zeudela ados adierazi zuten, baina ez ziguten zein puntu zen argitu.

Mozio honi dagokionez ere Udalak hainbat konpromiso hartu zituen: Iberdrolari dei egitea bere zerbitzu telefonikoa kudeatzen duen enpresarekiko erlazioa birplantea dezan, lan erreformaren aplikazio honen kontrako mobilizaziora deitzea …

Akordioa honek izaera berezia du une hauetan. Izan ere, momentu honetan KONECTA BTO-Iberdrola enpresako bi langile (emakumeak biak) gose greba mugagabean daude. Hemendik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu.

BILDU abstenitu egin zen Berdintasun planean eta martxoaren 8ko adierazpen instituzionalean. Gure ustez, bi erreferentzia-gai garrantzitsu sar zitezkeen. Alde batetik, emakumeek jasaten duten desberdintasun egoera egiturazkoa dela, gizarteko arlo eta esparru guztietan, eta horregatik, erantzun anitza eman behar zaiola emakumearen berdintasunaren

aldeko ikuspegia arlo anitzeko erabakigune eta ekinbideetan txertatuz. Bestetik, ezinbestekoa ikusten genuen egungo ekonomia krisiari erreferentzia egitea, emakumeek bereziki pairatzen baitituzte honen ondorio lazgarriak.

Honekin lotuta, esan beharra dugu, era honetako adierazpen instituzionalak Osoko Bilkura baten plazaratzeko, egokiena ikusten dugun prozedura batzordeetan adostea dela. Ez baita gauza bera, talde politiko batek ekartzen duen proposamena Osoko Bilkuran eztabaidatzea eta adierazpen instituzional bat (udalak instituzio bezala zabaltzen duena) onartzea. azken honetarako elkarlana beharrezkoa da.

Galde-eskeen atalean, la Brenako atsedengunea izan genuen hizpide. BILDUren ustez egoera oso kaskarrean dago atondu eta konpondu egin beharko litzateke. Honen ardura Aldundiarena da, baina Udalari eskatu genion hauei helaraz diezaietela gure kezka eta esku hartu dezatela aterpetxe eta atseden-gune duina izan dezagun. Udaletik hala egina zutela esan ziguten.

Bestalde, udalari eskaera zehatz bat egin genion: beraien ikur izan den herritarrekiko gardentasuna eta informazio eskuragarritasuna benetan bete dezatela. Izan ere, konturatu gara HAPOri dagokionez ez direla agindutakoa betetzen ari eta alkateak eman zizkigun azalpenekin ez gara konforme geratu.

Zalla Bairen blogean 2011ko maiatzaren 13an argitaratutako idazki batean honakoa proposatzen zen “paralizar el Plan General de Ordenación Urbana tal y como lo tiene planteado el Sr Kapetillo”. Bada, 2011ko urriaren 17an Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion HAPOren erreferentziazko dokumentua igortzeko, baina honetarako 2010eko apirileko data duten txostenak bidali zizkietela Eusko Jaurlaritzari, hauteskunde aurreko garaikoak, alegia.

Baina kontua haratago doa, honi buruzko informaziorik ez dugu izan, ez udaleko web-ean, ez Zalla Bairen blogean, ez kaleko kartelen bidez, ez udal aldizkarian, ez bi hilerik behin egingo omen ziren asanbladetan. Hiri Antolamendurako Aholku Kontseiluarekin ibili dira gora eta behera eta pasatzen utzi dute interesatuak izan daitezkeen herritarrek aurkezteko iradokizunen epea, 2011ko azaroaren 22a, hain zuzen ere. Kontu honetan aurreko Udalak egindako berbera egin dute, Kapetillori aurrez aipatutako idazkian aurpegiratzen ziotena, hain justu ere. Laugarren puntuan adierazten zuten: “ez gara udaletxean bizi eta ez dugu BAO irakurtzen”. Zozoak beleari ipurbeltz. Ez dago aitzakiarik. Informazio hori esku-eskura zuten eta ez diote herriari jakinarazi.

Ez gaude ados, halaber, alkateak (BILDUk aurkeztutako bi mozio Osoko Bilkurako gai ordenetik kanpo utzi ostean) eman zizkigun azalpenekin.

Gehiengo absolutuaren argi-ilunak direla azaldu zigun. Kutxabankeko mozioa ez zuten sartu Osoko Bilkurak udalaz gaindiko kontuez “puzten” ditugulako. Gaztetxearena, berriz, kaltetuen beraien onerako.

Honek lehenagoko garaiak gogorarazten dizkigu. Orduan, aurkezten ziren mozioak karpeta urdin batean sartu eta zakarrontzira botatzen ziren zuzenean. Mozio horiek, herri honetako hautetsi baten aurkeztuak dira, eta beraz, Osoko Bilkura batean eztabaidatuak izateko

zilegitasun osoa dutela uste dugu. Badakigu araudia eskuan izanda egin dezaketela, baina ez zaigu arrazoizkoa iruditzen, batez ere, gobernura eraman dituzten proposamenak zeintzuk izan diren ikusita.

Bederatzi hilabete daramatzagu “aldaketa”rekin eta argi-ilunak ikusten ditugu. Konfiantzazko 100 egunak pasatu dira. Alkateordearen liberazioa onartu zenetik sei hile pasatu dira eta guk, bien bitartean, alkatearen izendatze ekitaldian esandakoak gogora dakartzagu: “begi onez ikusten ditugu herriari egin dizkiozuen proposamenak, baina proposamenak gauzatu egin behar dira”.

Lehen ahotsak entzuten hasi dira, aldaketa ez da gauzatzen ari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario