2012/10/18

ATZERA BEGIRATU BAT … AURRERA JARRAITZEKO




Asko izan dira 2012. urte honetan Enkarterrin eta Zallan gertaturikoak. Urtearen hondarretan bagaude ere, urte hasierako lepotik dugu burua.
Espainiar gobernuaren krisiaren aurkako neurriek Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoko Greba Orokorra deitzea ekarri zuten, gerora Espainiako sindikatuek ere bere egingo zutena. Aipatu greban gure herriko gehiengo zabalak hartu zuen parte eta Euskal Herriko langileriaren ezinegona eta desadostasuna agerian geratu ziren. Gaur egungo egoerara, hau da, azken urteotan bizi izan dugun aberastasun, eskubide sozial, lan-eskubide galerarik handienera ekarri gaituen politika ekonomiko, eredu sozial zaharkitu, atzerakoi eta bidegabearekiko ezinegona eta desadostasuna , hain zuzen ere.
Egoerara honen aurka borrokatzera eta manifestatzera eraman gaituzten motiboak gutxi balira, COnecta BTOko langileen egoera gorria gehitu beharra zegoen. Hauek, erabili eta botatzeko merkantzia legez tratatuak izan ziren, aplikatu berri zuten lan-erreformari eta inguruko instituzioen laguntzarik ezari esker. Honi gehitzen zitzaion, era berean, azken urteetan Enkarterrin eta Zallan arrastaka generaman desindustrializazio eta langabezia egoera latza.
Hobetze bat edo egoera bere horretan mantentzea lortzetik urrun, uda ostean amiltzen jarraitzen dugu, kontuan hartuta hezkuntza eta irakaskuntza bezalako oinarrizko zerbitzuetako mozketak herritar guztiongan zuzeneko eragina izaten ari direla. Industria sarearen beherakadak aurrera darrai, aldian aldiko ERE, kaleratze eta enpresen itxierarekin, berriki “Sacos-en” ikusten ari garen bezala. Zoritxarrez, egoerak ez daukala aldatzeko itxurarik.
Testuinguru orokor honetatik, herri-arloko dinamikekiko hurbilago dauden kontu batzuez jardutea dagokigu. Izan ere, arlo honetan ere, aurrerago aipatu ditugun gertaerek eragina izan baitute.
Eragin zuzen bat administrazio publikoetan kontrataziorik egin ezin izatea da, 2011/20 Errege Lege Dekretuaren, edo ezagunagoa den bezala, Raxoy-ren Dekretuaren eraginez.
Administrazio publikoen defizita gutxitzea helburu omen duen dekretu honek Zallako herriari balizko helburuen justu kontrakoak ekarri dizkio.
Batetik, udal administrazioaren esparruan lanpostu berriak sortzea oztopatu du, udalak enplegu sortzaile paperean ezereztatzen dituen heinean.
Bestetik, udal honek zerbitzuak azpikontratatzeko berez badaukan jarrera sakondu du, eta ondorioz, zerbitzu edo onura bera jasotzeko gastua handitu, honek udaleko diru-kutxak gehiago gastatzea eraginez, hau da, denon dirutik gastu handia sortuz.
Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, kontratazio berri hauekin herritarren onerako sortu nahi ziren dinamikak, zerbitzuak … bertan behera geratu dira.
Azken atal honi gagozkiolarik eta Bilduk arlo honetan daukan erantzukizuna kontuan hartuta, aipagarria da Zallako Udalean kontratatzea aurreikusten zen euskara teknikariarekin gertatu dena.
Edozein arlotan aurrera egiteko funtsezkoa da, lehenik eta behin, esparru horri dagozkion oinarri ideologiko eta taktiko sendoak izatea, eta bigarrenik, giza baliabide eta bitarteko egokiez hornitzea aurrera eraman ahal izateko.
Uste dugu lehena badaukagula, eta horregatik onartu genuen arlo hau kudeatzeko erantzukizuna Zalla Bai-k eskaini zigunean, baina bigarren baldintzaren mende, hau da, euskara teknikari postua udaleko “RPT”an sartzea eta arloa beharrezko diru funtsaz hornitzea. Aipatutako lanpostuaren sorrera Zalla Baik ez ezik gainontzeko alderdi politikoek ere ontzat jo zuten.
Bigarren baldintza horretan, hain zuzen ere, oztopatu digu aipatutako dekretuak gure hasierako asmoak aurrera eraman ahal izatea, ezinezkoa izan baita euskara teknikaria kontratatzea. Eta giza baliabide hauek metatzeko bestelako aukerak aztertu badira ere, ezin izan dira aurrera eraman, motibo asko tarteko.
Oraindik orain ez dakigu zein izango den 2013an dekretu honek izango duen ibilbidea, nahiz eta espainiar gobernua hartzen (edo mantentzen) ari den iparra ikusita, badirudi indarrean jarraituko duela.
Kinka honen aurrean, Bilduren jarrera argia da. Uste dugu, gure udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, ez dela erreala defizit publikoaren gutxitzerako neurriak aplikatzea diru kutxan 6 milioi eurotik gorako aurrezkia izanda eta iazko ekitaldia 700.000 euroko superabitarekin itxita.
Horregatik, uste dugu zirrikituak bilatu behar direla dekretu honen betetzea “saihesteko”, edonon eta edonoiz azalduz dekretu honek gurean suposatzen duen zentzugabekeria. Beharrezkoa da, eta are gehiago garai hauetan, zerbitzu publiko indartsu eta ondo hornituaren jabe izatea Zallako biztanleen beharrizanei erantzuna emateko. Eta, finean, neurri hauen aurrean “plante” bat egitea beharrezkoa bada, egin egin behar dela uste dugu. Gu borroka horretan beharrezkoa den guztian laguntzeko prest izango gara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario