2011/07/12

Azken Osoko Bilkurak emandakoak

Ez ziren gutxi izan azken Osoko Bilkuran landu behar izan genituen gaiak. Ohikoa denez, batzuk besteak baino pisuzkoagoak izan ziren, batzuk besteak baino gozoagoak, batzuk besteak baino mikatzagoak, baina guztiak ere talde politiko bakoitzaren iparrorratzak norantz markatzen duen jakiteko baliagarriak.

Gaurkoan hiru nabarmendu nahiko genituzke: Lehen Alkateordearen dedikazio esklusiboa, Txosnen araudia eta BILDU ZALLAk aurkeztutako bi mozioak, hain zuzen ere.

Dedikazio esklusiboa

Lehen Alkateordearen dedikazio esklusiboari dagokionez, oposizioko talde guztiok aurka bozkatu genuen. Honi dagokionez, gure iritzia argia da:

* Zallak ez du behar alkateaz gaindiko beste liberaziorik. Ez dute azaldu, zeintzuk diren liberazio hau (sei hileko probaldia izango duena) hartzea beharrezko egiten duten lan edo premia larriak. Boterean dagoen Zalla Bai alderdiak zazpi zinegotzi dauzka bere zeregin politikoak aurrera eramateko eta uste dugu nahikoa dela. Gaurdaino, lehen aldia da herri honetan postu honetan dagoen karguak liberazioa hartzen duena.

* Soldatari dagokionez, eskandaluzkoa iruditzen zaigu (45.000 euro urtean) herritarrok bizi dugun krisi ekonomiko garaiak kontuan hartuta. Aurreko Osoko Bilkuran alkateak bere soldata (55.000 euro urtean) justifikatu zuen, bere lanean irabazten zuen soldataz gain, postu hau hartzeak ekartzen zizkion eragozpen batzuek ekonomikoki eragiten ziotelako.

Egungo Lehen Alkateordearen soldataren zenbatekoa justifikatzeko ez dute inolako azalpenik eman. EUDELeko taulek esaten dutena hartu dute aintzat, eta kitto.

Adierazgarria da. Talde politikoen dirusaria esleitzeko orduan EUDELeko taulek ezartzen duten gutxienekoa baino %60 gutxiago kobratuko dute talde politikoek, Zalla Baik proposatuta eta, besteak beste, geuk onetsita. Beraz, talde politikoen dirusariak gutxitzeko orduan, ez dago inolako arazorik EUDELeko taulek esaten dutenari entzungor egiteko, baina euren buruei soldatak jartzeko orduan zorrotzago betetzen dituzte “gomendio” hauek. Ez gaude konforme erabaki hauekin.

Txosnen araudia.

Osoko Bilkuraren egun berean KULTURA, GAZTERIA ETA KIROLA batzorde informatiboaren bilera izan genuen Txosnen Araudia adosteko. Aurreko urteko araudiarekiko jai batzordeak proposatutako aldaketa guztiak begi onez ikusi zituen BILDUk, proposatzen genituen zehaztapen batzuk gorabehera.

Hauez gain, beste aldaketa bat egin zedin eskatu genuen. 4. artikuluko azken puntua ezabatzea, alegia:

“- Txosnetan ezin da inolako propaganda politikorik egin. Kontu honi dagokionez, jasota uzten da Udalak kenduko dituela jai esparrua kutsatzen duten propaganda, pankartak edo informazio guztiak; halaber, horren arduraduna izango dela jartzen duen elkartea eta zehapena ezarriko zaiola (zehapenen kapitulua).”

Izan ere, nor gara gu herritarren oinarrizko eskubide den adierazpen askatasunari mugak jartzeko? Nor gara gu adierazpen politikoak non eta noiz egin behar diren inposatzeko? Gu geu politika egiten ari garenean, alajaina!

Ezabaketa hau onartu egin zen, baina PSOEko zinegotziak terrorismoa goresten zuten ikurrak edota kasua honegatik pertsonen duintasuna urratzen zuten kartelak debekatzeko pasarte bat gehitu nahi izan zuen. Pasarte hau apur bat moldatu zen eta araudi berrian sartzea erabaki zen Zalla Bai eta EAJren aldeko botoekin.

Azkenean, Osoko Bilkurara eraman zen eta BILDUren abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko bozarekin onartu zen araudi berria.

Zergatik aukeratu genuen abstentzioa?

Euskal Herrian bizi dugun momentu politiko konkretu honetan, oinarrizko eskubideen urraketa alde bakarrekoa da. Alde bakarreko urraketa hori bultzatu, babestu eta ezkutatu duen taldea da PSOE.

PSOE, egungo gatazkari konponbidea jartzetik urrun, bere estrategia politikoan bortxaren aitzakia erabiltzen ari da Euskal Herriak bizi duen gatazkaren muina eta funtsezko eztabaida saihesteko.

Dagokigun gaira bueltatuz. Zergatik planteatzen du PSOEk txosnen araudian testu-zati hori gehitzea, hainbeste urte udalean egon ondoren, hain justu ere momentu honetan?

* Bere diskurtso politikoa biolentziaren inguruan eraiki nahi duelako.

* Txosnen araudia eta herriko jaiak bost axola zaizkiolako.

* BILDU eta Zalla Bai udalean daudelako eta “proban” jarri nahian dabilelako.

Horregatik erabaki zuen BILDU ZALLAk araudiaren bozkatzean abstenitzea. Ez dugu eztabaida antzu hauetan parte hartu nahi. Parte hartzea erabaki dutenek, beraiek jakingo dute zergatik egiten duten.

BILDUk aurkeztutako mozioak

Blog honetan eskura dituzuenak dira asteazkenean aurkeztu genituen bi mozioak.

Lehena aho batez onartu zen. Bigarrenari dagokionez, bi jarrera nabarmendu ziren talde politikoen artean:

* “Hau ez da guretzat”: Zalla bai eta EAJk hartu zuten jarrera defini dezakegu goiburu horrekin. Talde hauen argudioaren arabera, beraien eragin-esparrua Zallako gertaera eta erabakietara mugatzen da. Zalla Baik eskualdea ere aipatu zuen beraien eskumenen esparru bezala. Kontuan hartuko dugu talde hauen erabakia etorkizunerako.

* Adondevasmanzanastraigo: PSOEko bozeramaileak, ez zuen antza mozioa ondo irakurri eta sekulako erretolika bota zuen partiduen legeari buruz eta iraganean gertaturiko biolentziaren inguruko beste hamaika konturi buruz.

Paradoxikoa, kontuan hartzen badugu auzi honetan zenbait politikarirentzat hamar urteko kartzela zigorra eskatu duela fiskaltzak, ezker abertzale barruan estrategia politiko-militarra bazterrean utzi eta esklusiboki bide politiko eta baketsuak jarraitzeko eztabaida sortu, zabaldu eta irabaztegatik. Paradoxikoa, partidu honetatik horixe eskatu zaiolako behin eta berriz ezker abertzaleari, eta hala ere, epaiketa honek suposatzen duen injustizia salatzeko aurkeztutako mozioari ezezko borobila eman diotelako.

Horrenbestez, azken Osoko Bilurako gai hauen balorazioak egin ostean, azken aipamen bat baino ez zaigu geratzen gertaeren laburpen honi bukaera emateko.

Herrian aski zabaldua denez, Zalla Baik BILDU ZALLAri EUSKARA eta HEZKUNTZA batzorde informatiboko lehendakaritza eskaini zion. BILDU ZALLAk erantzukizun maila horrekin lan egiteko konpromisoa hartu zuen, baldin eta, arlo horretan aurrera eramateko gaien inguruan akordio programatikoa bazegoen.

Akordio-Proposamena duela hiru aste igorri zitzaien eta oraindik ez dugu erantzun formalik jaso. Beraz, horixe da gai konkretu honetan, momentuz, dagoen egoera.

Bukatzeko, eskerrik asko gure txokora bisita egiten diguzuenoi eta gogorarazi edozein zalantza, iradokizun, proposamen helarazteko prest gaituzuela honako helbidean: arretazerbitzua@gmail.com.

Laster arte!

No hay comentarios:

Publicar un comentario