2013/02/22

Virtisuko langileen aldarrikapen ibilaldira batuko da bihar EH Bildu





Virtisuko langileek haien eskubideen alde Zallatik Gueñesera egingo duten manifestazioan parte hartuko du EH Bilduk. Koalizioak babesa eta elkartasuna adierazi nahi die langileei eta, horrez gain, haien aldarrikapenak eraman ditu Bizkaiko Batzar Nagusietara.

Batetik, langileek soldatak kobratu gabe hainbat hilabete daramatela kontuan hartuta, eta horrek ehun familia baino gehiagorentzako egoera ekonomiko larria sortzen duenez, EH Bilduk Arauz Besteko Proposamena erregistratu du langileek dagokien soldata berriz ere jasotzeko irtenbidea bilatze aldera.

Gogoan izan behar da Virtisu enpresa Bizkaiko Aldundiak erreskatatu zuela eta 600.000 eurotik gorako bermea duela. Horrez gain, enpresak merkaturatu daitekeen ekoizpena ere badu. EH Bilduk proposatzen du baliabide horiek erabiltzea langileek haien soldata kobratu ahal izan dezaten.

Bestetik, EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari dei egiten dio beharrezkoak diren gas eta argi indar hornidurak berrezarri daitezen. Egun ekoizpenerako dagoen energia hornidura faltak makinaria bera kaltetu dezake eta etorkizunean berrerabiltzeko aukera ere arriskuan jarri dezake.

Arriskuan dauden makina horiek Aldundiarenak dira eta bere garaian egindako inbertsioa bermatzeko beharrezkoa da gas eta argi indar hornidurak berrezartzea.

Azkenik, koaliziotik dei egiten zaio eskualdeko biztanleriari langileen aldarrikapenei atxikimendua eta babesa ematera.



bizkaiakom@gmail.com
Tlf: 610 085 651
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario