2012/01/05

Zallako aurrekontuak 2012: azalpena

Abenduaren 28ko bilkuran 2012ko ekitaldirako aurrekontuak onartu ziren. Guztira 8.426.891,25 euroko aurrekontua izango du gure herriak, krisia dela eta aurreko urtearekin konparatuta gutxi gora-behera %9 gutxiago (848.000 euro gutxiago)


Gure bozka: abstenzioa izan zen. Zergaitik?

1) Ez dugu aldaketa haundirik ikusten azken urtetetako aurrekontuekin konparatuta. EAJ-ak egiten zituen aurrekontuekin konparatuta murrizketa batzuk ikusten ditugu, besterik ez. Politiken aldaketa garrantsitsurik ez dago aurtengo aurrekontuetan.

2) Ez digute ondo azaldu. Bilkura ospatu baino lehen, proiektu batzuk azaldu ziren zenbait batzordetan, eta handik zaila da jakitea politika berriak egongo diren ala ez. Horretarako behar-beharrezko ikusten dugu aurrekontuekin batera memoria bat eranstea. Aurtengo aurrekontuetan ez zegoen memoriarik!

3) Zalla Bai ez da beste indar politikoekin akordioa bat lortzen saiatu. Gehiengo absolutua dutela jakinda, aurrekontuen diseinuan jarri dute ahalegina, eta ez aurrekontuen zabalkundean. Ez herritarren artean, ez beste talde politikoen artean.

4) Ildo honetatik, egia da herritarren ekarpenak jasotzeko ahalegina egin dela auzo-bileren bitartez, eta hau ekimen positiboa izan dela. Hala ere, zikloa ez da behar bezala itxi, aurrekontuen sozializazioa eta demokratizazioa, oraindik orain, lantzeko dagoen zeregina baita.

5) Kanpo-zerbitzuak: aurreko udal arduradunek jorratutako bidea jarraitu ezezik, indartu eta gehitu egin dira kanpo zerbitzuen kontratazioak, beti ere ahaztu barik, zerbitzu publikoa emateko direla. Kezkaz ikusten dugu gazteria arloko teknikariak, polikiroldegiaren kudeaketa, garbiketa, argi-elektrizitate zerbitzuaren hobetzea... kanpoko enpresen bidez egiten dela. Enpresa pribatuaren munduan hain erabilia den azpikontratazio politika honekin ez gaude ados. Uste dugu udal batek bestelako eredu sozioekonomiko eta laborala bultzatu beharko lukeela, gizartearen aurrean eredu den neurrian.

6) Bistan denez, udal korporazio honen lehen aurrekontuak dira eta jakin badakigu denbora faltak eta eskarmenturik ezak ez dutela beraien alde jokatu. Bestalde, hainbeste urtetako inertziak apurtzearen zailtasunez ere ohartzen gara. Hori dela eta, abstentzioa izan da gure bozka. Hala ere, hurrengo aurrekontuetarako bestelako kudeaketa eta politikak espero ditugu, gure jarrera ere zorrotzagoa izango baita balorazioa egiteko eta bozkatzeko orduan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario